Albisteak

A+ A A-

Hiri adimendunak: segurtasun eta turismo arloetan espero diren aurrerapenak

 

  • Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasuneko arduradun Angel Barriok jakinarazi du posible izango dela sakelako telefonoaren bidez denbora errealean ezagutzea autobus baten kokapena, edo hiri bateko sarbide azkarrena zein den, trafikoaren arabera, baita non aparkatu ere bueltarik eman gabe
  • Gipuzkoa Encounterren eskainitako hitzaldi batean, herritarrei gero eta zerbitzu hobeak emateko aukerak aztertu ditu, teknologia berriek eskaintzen dituzten datuen analisia oinarritzat hartuz
  • Replicate proiektua Europar Batasuneko programa handiena da hirietako ikerketa eta berrikuntza arloan, eta Donostia da hiri liderra, Bristolekin eta Florentziarekin batera

Hiri adimendunetan eman diren aurrerapausoak gure egunerokotasunean barneratu dira, baina, oraindik ere, garapen aukera izugarriak daude epe laburrera. Gipuzkoa Encounterren barne eskainitako hitzaldi batean, Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasuneko arduradun Angel Barriok baieztatu du posible izango dela sakelako telefonoaren bidez denbora errealean ezagutzea autobus baten kokapena, edo hiri bateko sarbide azkarrena zein den, trafikoaren arabera, baita non aparkatu ere bueltarik eman gabe. "Posibilitateak amaigabeak dira", adierazi du.

Angel Barriok baieztatu duenez, teknologiak eskaintzen duen datu kantitate itzela aztertu ahal izatea XXI. mendeko iraultza da, "XIX. mendeko lurrun-makinaren edo pasa den mendeko internet eta ordenagailuen agerpenaren parekoa". Sakelako telefonoek eta hirietan ezarritako sentsoreek jasotzen dituzten datuak aztertuz, posible da jakitea zein den autobus geltoki bat ezartzeko gune egokiena. Ekitaldi handi bateko segurtasuna planifikatzeko aukerak ere azpimarragarriak dira, adituaren esanetan.

Epe laburrera, hiritarren segurtasuna bermatzeko hobekuntzen alde apustu egin du Barriok; izan ere, arriskutsuak diren lekuetan arazoak ekiditeko aukera dago, eta segurtasun indarren baliabideak optimizatzeko. Turismoaren arloan ere abantaila ugari lor daitezkeela dio Euskalteleko adituak, turisten ohiko ibilbideak, ohiturak eta interesak ezagutu baitaitezke.

Edozein kasutan, Euskalteleko adituak jakinarazi du pribatutasuna eta gardentasuna oinarrizkoak direla; datuen analisia anonimoa eta estatistikoa dela beti. Hortik abiatuz, Barriok uste du informazioaren azterketa ahalik eta gehien landu behar dela, administrazio publikoen eta enpresen laguntzarekin. Etekinak ere guztientzat izan beharko lirateke, bere aburuz: negozio aukera berriak sektore pribatuan, instituzioek kudeaketa hobea egiteko aukera, eta hiritarrentzako bizi-kalitate hobea.

Hiri adimendunak edo 'smart cities'

Europako Batzordearen arabera, hiri adimendun gisa ulertzen da teknologia digitalak eta komunikazio arlokoak erabiliz zerbitzu eta sare-sistema tradizional eraginkorragoak eskaintzen dituen hirigunea. Gure mugimendu eta ekintzekin sortzen dugun informazioari esker, hobetu egin ditzakegu, besteak beste, hiriko garraio sareen diseinua, ur-hornikuntzarako instalazioak, hondakinen kudeaketa eta argitasun eta berokuntza sistemak.

Zentzu horretan, Replicate proiektua Europar Batasuneko programa handiena da hirietako ikerketa eta berrikuntza arloan, eta Donostia da hiri liderra, Bristolekin eta Florentziarekin batera. Gipuzkoar hiriburuan eraginkortasun energetikoa eta hiritarren mugikortasuna hobetzeko programak lantzen ari dira, 30 eragileren elkarlanarekin: enpresak teknologikoak - Euskaltel kasu-, berrikuntza-zentroak eta unibertsitateak.

Gipuzkoa Encounterreko egitaraua aurrera doa

Publikoari irekia den Openguneak ateak zabalik izango ditu bihar arratsaldera arte. Bertan, teknologiaren inguruko standak, bideojokoen gunea, eta publiko anitzei zuzendutako tailerrak eta hitzaldiak daude. Bertaratutako herritarrek hainbat jarduera dibertigarriz goza dezakete doan: 3Dan inprimatzeko eta errealitate birtualarekin esperimentatzeko zonak, jokoak eta prestakuntza-saio ugari, gai anitzen inguruan: robotika, sare sozialen kudeaketa estrategikoa edo merkataritza elektronikoa, besteak beste. Ume zein helduek euren lekua topatuko dute teknologien bilkura honetan.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez; eta Tolosako Udala.

twitter facebook flickr youtube instagram twitch