Albisteak

A+ A A-

Talentu teknologikoaren bilgune bilakatu da Gipuzkoa Encounter informatika-topaketa handia

 

Gipuzkoako informatika-festa handiena abian da Tolosan, hamaikagarren urtez. Teknologia-gaien 600 zale eta profesionalek bat egin dute Usabal kiroldegian eta hiru egun emango dituzte bertan elkarlanean arituz eta dozenaka lehiaketetan parte hartuz. Igandera arte, martxoak 19, gauzatuko den Gipuzkoa Encounter topaketaren inaugurazio ekitaldian hitza hartu duten erakunde-ordezkariek festan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, gune irekian publiko anitzei zuzenduriko doako ekintza ugari izango baitituzte.

Tolosako alkate Olatz Peonek ongietorria eman die Euskaditik eta Estatu osotik bertaratuei. Gipuzkoa Encounterrek "marka guztiak hausteko gaitasuna" duela azpimarratu du, urtero azkarrago amaitzen baita izen-emate epea. Horren adierazle garbia da aurten lortutako 15 segundoko errekorra. Partya, Peonen esanetan, "etorri, ikusi eta ikasteko leku aproposa" da.

Euskaltel Konektako gerente eta Gipuzkoa Encounterren zuzendari Sabino San Vicentek eskerrak eman dizkie partaide guztiei: "Zuek egiten duzue partya hain handia", baieztatu du.

Bestalde, SPRIko Informazioaren Gizarteko arduradun Iñaki Suarezek bilkura honek elkartzen duen talentua nabarmendu du; izan ere, Tolosak, hiru egunez, arlo ezberdinetan espezializatutako adituak biltzen ditu: zibersegurtasuna, programazioa, hezkuntza-arloa eta 4.0 industria, besteak beste. Ildo horretatik, pilatutako ezagutza hori guztia "gizartera eta enpresetara" iritsi dadin defendatu du Suarezek.

Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka departamentuko diputatu Ainhoa Aizpuruk aintzat hartu du Gipuzkoa Encounterrek erronka berriei aurre egiteko eta teknologiaren hedapenean laguntzeko duen ahalmena. Bertan ikaskuntza kolaboratiborako aukera dagoela jakinarazi du Aizpuruk, eta, digitalizazioaren erronkari aurre egiteko, “enpresa eta ekintzaileei leiho bat” irekitzen zaiela aipatu du.


Publikoari irekia

Publikoari irekia den Opengunearen ateak zabalik daude jadanik. Bertan, teknologiaren inguruko standak, bideojokoen gunea, eta publiko anitzei zuzendutako tailerrak eta hitzaldiak egongo dira. Bertaratutako herritarrek hainbat jarduera dibertigarriz gozatuko dute doan: 3Dan inprimatzeko eta errealitate birtualarekin esperimentatzeko zonak, jokoak eta prestakuntza-saio ugari, gai anitzen inguruan: robotika, sare sozialen kudeaketa estrategikoa edo merkataritza elektronikoa, besteak beste. Ume zein helduek euren lekua topatuko dute teknologien bilkura honetan.

Bestalde, 600 parte-hartzaileek aukera izango dute hiru jardunaldiotan izango den egitarau zabalean parte hartzeko: arte digital, programazio, bideojoko, software libre, eta hardware lehiaketak izango dituzte, baita aisialdiko eta formakuntzako jarduerak ere.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez; eta Tolosako Udala.

twitter facebook flickr youtube instagram twitch