Gipuzkoa Encounterrek marka berria hautsi du, 15 segundotan bete baitira eserleku guztiak
- Hamaika urtez Tolosan burutu den ekimenaren ospea handituz doa eta izen- ematea gero eta denbora laburragoan egiten da urtetik urtera
- Informatika-gaien eta teknologia berrien zaleen Gipuzkoako topaketa martxoaren 17 eta 19 bitartean egingo da, eta 600 parte-hartzaile bilduko dira Usabal kiroldegian. Arte digitaleko, softwareko eta hardwareko txapelketak egingo dira, baita bideo-jokoak, hitzaldiak eta tailerrak ere, beste jardueren artean
- Euskaltel Konekta fundazioak antolatuko du ekimena, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin
Gipuzkoa Encounterrek 11 urte bete ditu marka berria hautsiz. Tolosako hitzorduan parte hartzeko irrikaz zeuden ehunka lagunek, informatika-gaien eta teknologia berrien inguruko zaletasunak bultzatuta, 15 segundotan erreserbatu dituzte 400 ordenagailu-postuak. Errekor harrigarri horrek antolatzaileen aurreikuspenak soberan gainditu ditu; izan ere, iazko marka bikaina, minutu erdi ingurukoa, ustekabean hautsi da aurten.
Euskaltelek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko duen sare informatikoak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die, etxeetako konexioen potentzia oso nabarmen gaindituz. Horri esker, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.
Euskadiko eta Estatuko hainbat erkidegotako ehunka lagunek Euskaltel Konektak antolaturiko dozenaka jardueretan parte hartuko dute martxoaren 17 eta 19 bitartean burutuko den bilkura honetan. Ekintzen artean, arte digital, programazio, bideo-joko, software eta hardware txapelketak egingo dira, baita teknologia berriekin erlazionaturiko hitzaldi eta tailerrak ere. Modu horretan, partaideek pantailaren aurrean burutzeko jarduerak nahiz ordenagailutik kanpo eta elkar ezagutuz aritzeko aukerak izango dituzte hiru egunetan zehar. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka parte-hartzaileek kiroldegitik hiru minutura dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egingo baitute.
Guztira, 600 informatika zale inguru elkartzea espero da, hiru egunetarako ordenagailu-postua duten pertsonen eta sarera konektatzeko eta jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea ematen dien eguneko pasea eskuratuko duten bisitarien artean. Gainera, Gipuzkoako informatika-festa ezagutzera gerturatu nahi duen orok Opengunean doan sartzeko aukera izango du. Zona ireki horretan bideo-jokoetan jokatu, errealitate birtualaz gozatu edota hitzaldi eta tailerretan parte hartu ahal izango dute bertaratuek.
Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez; eta Tolosako Udala.